Utopiaren hasiera
Lizarra Izenez ezagutzen dugun hezkuntza zentroak 1970eko irailaren 29an hasi zuen bere ibilbidea. Hogeita bost izan ziren lehen ikasturtea Estella-Lizarrako Udalak udal-pilotalekuan utzitako gela hartan estreinatu zutenak. Ikastolak, guraso talde baten babesari esker eta hainbat erakunderen laguntzari esker (Principe de Viana-Nafar Gobernua-, Euskaltzaindia eta Estella-Lizarrako Udalaren hainbat ordezkari), bere ibilera abiatu zuen 240.000 pezetako aurrekontuaz. 1973. urtean, gelak mailegu bidez familiek eskuratutako Nabarreria kaleko 1 zenbakian kokatuta ziren. Dena den, aldaketa esanguratsua 1977an iritsi zen, familiek Lizarra Ikastola Irakaskuntza eta Kontsumo Kooperatiba sortu, eta gelak garai bateko Eskolapioen Lehen Hezkuntzako eskola eta komentura eraman zituztenean.Gizarte-egiteko eta funtzioak
1980-1981 ikasturtean zehar, alderdi pedagogiko zein administratiboari norabide berria emateko helburuarekin, hainbat ekintza burutu ziren. Batetik, Santa Ageda edo Olentzeroren tradizioa berreskuratzearekin batera Lizarra Ikastola gizartera zabaldu zen; bestetik, egoera ekonomikoa hobetu asmoz, ekimen ezberdinak antolatu ziren (Jaietako Barraka, adibidez). 1982 urterako Lizarra Ikastolak OHOko 12 gela zituen. Erdal ingurune batean euskarazko inmertsio linguistiko eredua erabiltzen zuen lehen zentroa izan zen (Gipuzkoa, Bizkaia eta Nafarroako eskola ugari hurbildu ziren gure eredua ezagutzera). 1985. urtea zen Lizarra Ikastolaren bazkideek Eskolapioen eskola eta bere lurrak erosi zituztenean, Asanbladaren bozken 99,5% aldeko izanik. Urte horretan bertan burutu zen Nafarroa Oinezean eskuratutako diru bilketa akuilu ezinhobea izan zen erabakia hartzeko .
Aspaldiko ametsa egi bilakatuta
Zentro berriaren eraikitze-lanak 1989an hasi ziren. Finantziazioa Nafarroako Gobernuaren 61 milioi pezeta, Kutxak emandako 90 milioiko mailegua eta kultur kanpaina jendetsu batean bildutako dirua izan ziren: 1990ean, “Ezina Ekinez Egina” lelopean Lizarran antolatutako bigarren Nafarroa Oineza. 1990ean Lizarra Ikastola berria inauguratu zen Estella-Lizarrako alkatea eta Nafarroako Gobernuko ordezkariak ere bertan zirela. Bost urte geroago DBH eredua txertatu zen, eta 1999an 0-3 urte bitarteko haurrentzako Lizarra Ikastola Haur Eskola abiatu zen. Orduz geroztik, gaur egun bitarte, Lizarra Ikastolaren erronka dira sormena, ezagutzen transmisioa eta izpiritu kritikoaren garapena; zaindutako inguru batean, eta auzolanaren balioari garrantzia emanaz.
1970
Lizarra Ikastolaren lehen eskolak udal pilotalekuko gela batean
1973
Nabarreria kaleko 1 zenbakia erostea
1977
Lizarra Ikastola Irakaskuntza eta Kontsumo Kooperatiba sortu
1982
OHOko 12 gelen legalizazioa
1985
Eskolapioen eskola eta bere lurrak erosi.
Lehen Nafarroa Oineza Lizarran
1989
Ikastola berriaren lehen eraikitze lanak
1990
Bigarren Nafarroa Oineza Lizarran
1991
Lizarra Ikastola berriaren inaugurazioa
1995
DBH ereduaren txertatzea
1999
Lizarra Ikastola Haur Eskola abian jartzea