Hezkuntz eskaintza

MATRIKULAZIO KANPAINA

SARRERA

Zuen seme-alabarentzat ikastetxe egokiena bilatzen arituko zareten momentu honetan, gure Ikastolaren proiektua aurkeztu nahi dizuegu.

Zuen aukerarekin asmatzea nahi dugulako, azken finean, zuen seme-alabarentzat onena nahi dugu guztiok, gure hezkuntza eskeintza azalduko dizuegu.

Lizarra Ikastola “Príncipe de Viana”, Euskaltzaindia eta Lizarrako Udalaren laguntzaz 1970.urtetik Lizarrerriko jendeak egindako apostu eta esfortzuaren ondorioz sortutako GIZARTE GUNE GARRANTZITSUA da.

Biztanle kopuru handi batek babesten duen Proiektua da, egun 700 ikasle baino gehiago dituena.

Ikastola osatzen dugun familia desberdinek talde ZABALA, ANITZA eta EZBERDINA, IREKIA eta PARTEHARTZAILEA osatzen dugu, non bakoitzaren izaera eta pentsaera desberdinek lekua daukaten.

Ikasleen formakuntza egokia bermatzen duen Kalitateko Hezkuntza Proiektoa eskeintzearren lan egiten dugu. Hezkuntza gaiez gain, adeitsuak, giza baloreetan aberatsak eta zoriontsuak izango diren pertsonak hezitzeaz eta formatzeaz kezkatzen garen zentroa gara. Ikastola pertsona bakoitza osotasunean garatu eta barruan daramana hobekien lantzen lagunduko dion lekua izatea nahi dugu.

Pedagogia berrikuntzetan punta-puntan gaude eta egoten jarraituko dugu:

  • Etengabeko berrikuntza metodologikoekin:
    • Haur Hezkuntzan Estimulazio Goiztiarra.
    • Gaitasun-Trebetasunetan oinarritutako irakaskuntza: OPTIMIS PROGRAMA
    • Errefortzu programak ikasketetan.
    • Arreta berezia zailtasunak dituzten ikaskeekin.
    • Tutoritza programak Bigarren Hezkuntzako ikasleekin.
    • Ikasteknikak.
  • Hizkuntzenirakaskuntzan
    • Ingelera lau urtetatik.
    • Frantsesa aukerakoa.
    • Hizkuntza Eskola Ofizialarekin erkidetutako zentroa (Euskara eta Ingelera).
  • Proiektu berrienezarpenean
    • Informatika lau urtetatik.
    • Xakea gelan gai bezala.
    • Gainera, gure ikasleak irakurle onak izan daitezen saiatzen gara.

Lan berritzaile honengatik guztiagatik, 1999. Urtean Batasun Europearrak ikastolen Hezkuntza Proiektoa saritu zuen. Honetarako, IRAKASLE TALDE EGONKOR, DINAMIKO eta MOTIBATUA dugu, bere lanean erabat sartua dagoena.

Irakaslegoaren formakuntzan baliabide ekonomikoak, zein giza baliabideak inbertitzen dituen zentroa gara.

Harreman estua eta hurbila dago irakasle eta familien artean. Orientazioa eta tutoritza gure zentroan bereziki lantzen diren arloak dira.

Laguntza berezia behar duten ikasleekin errekuperazio eta jarraipen zehatza egiten duen orientazio taldea ere badugu. Bi psikologo eta bi pedagogok irakasleen eguneroko jarduera erreforzatzen dute.

ELEBIDUN OSOAK diren ikasleen formakuntza bermatzen dugu, hau da, bai euskaraz, bai gazteleraz arazorik gabe moldatzen direnak.

Hizkuntza baten ezagutzan eta ikasketa prozesuan erabilerak duen garrantzia jakinik, ikasleek euskara erabil dezaten motibazio lan handia egiten dugu komunikazioa lantzeko egokia den metodo batekin, EUSKARAZ BIZI.

Gure irakaskuntzaren ideia ez da ikasgelan bukatzen, bai eskola ordutan, bai eskola ordutatik kanpo ekintza osagarri ugari baititugu:

  • Ikasleen inguru hurbila ezagutzeko irteerak Lizarran eta Lizarrerrian.
  • Irteera geografiko eta kulturalak.
  • Lehen Hezkuntzako Bigarren Ziklotik aurrera beste ikastoletako ikasleekin trukaketak.
  • Gai desberdinei dagozkien esperientziak:
    • eziketa Biala, Solidaritaterako Heziketa, Ekologia…
  • Kirolaren garrantzia ikaslea integratzeko bide bezala:
    • Heziketa Fisikoa, Pilota Eskola, Futbola neska-mutilentzat, Saskibaloia eta Patinajea.
  • Eskola orduz kanpoko ekintzak:
    • Plastika, Dantza, Xakea, Kirolak, Dramatizazioa, Trikitrixa…
  • Udalekuak (Euskara eta Ingelera).
  • Trukaketa Frantziako ikastetxe batekin.

Ikasle ohiekin dugun harremanari esker, IKASTOLA PROIEKTUAren inguruan sortu den dinamika zabaldu egin da.

Ikastolako gazteek beren ekintzak garatzeko gunea izaten jarraitzen du.

Jantoki Zerbitzua ere badugu nahi duenarentzat.

Instalazio modernoak eta kokapen egokia dugu, erdi unean.

Ikastolak honako hau eskeintzen du:
0-16 urte arteko heziketa.

Urteek babesten duten esperientziarekin Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan. Bigarren Hezkuntzan berriz, bai profesional, bai giza mailan esfortzu handia egiten ari gara eta Hezkuntza Erreformaren eskaeren arabera lan egiten dugu ikastetxean honako gela bereziak egokitu ditugularik:

  • Laborategia
  • Informatika Gela
  • Plastika Gela
  • Teknologia Gela
  • Irrati Gela

ure helburu nagusiena kalitatean hobetzea da, horretarako E.F.Q.M. Bikaintasun Eredua garatzen dugu, tresna egokia delarik ebaluatu eta familien satisfazio maila handiagoa lortzeko.

Beraz, Lizarra Ikastola Lizarrerrian erabat errotuta eta gizarte zein kultura arlotan garrantzi handia duen Proiektua da, gure kultura eta erroak berreskuratu eta indartu nahi dituena. NESKA-MUTILAK POZIK etortzen dira Ikastolara, profesionalak egunetik-egunera beren lana hobetzen saiatzen dira eta gurasoek Ikastolarengan ezarritako konfidantza saritua ikusten dute.

IRAKURKETA ETA IDAZKETA

Umearen inguruan irakurketa eta idazketa beti presente dago. Hori dela eta umeak etengabe idatzizko mezuak jasotzen ditu eta eskolara iristen denerako badauka ideia bat egina nola irakurri eta idatzi behar den.

Idatzi eta irakurtzeko ikur batzuk beharrezkoak direla konturatzen da eta kode horiek arau batzuen arabera antolatzen direla. Horregatik, gure lana, gelan egoera desberdinak sortzea da beraiek arau horiek zeintzuk diren ikus dezaten.

Hezitzaile bezala, ikasle bakoitzaren mailatik abiatzen gara eta irakurle eta idazle trebeak izateko aurrera dezan estrategiak ematen dizkiegu.

Gure azken helburua disfrutatuz testu desberdinak ulertzea eta sortzea da.

TUTORETZA PLANA

Osasuna eta aitzineurriak asko aldatu dira azken urteotan. Orain ez gara mugatzen haurra gaixorik dagoen ala ez dagoen aztertzera; izan ere, gure ustez, nork bere ahalmenak garatzea eta ingurunean era positiboan esku-hartzea da osasuna. Horren ondorioz, gure ikasleek hobeto ezagutu eta onartzen dute beren burua eta, hala, estrategia egokiak hartzen dituzte, bizitzan gutxi-asko izanen dituzten arazoei aurre egiteko eta haiek konpontzeko.

Lehen Hezkuntzatik Bigarren Hezkuntzara igarotzea zail samarra da haurrarentzat, egokitu egin behar baitu hainbat irakasle izatera. Irakasteko prozesuaren gidariak garenez, iraskale orok egiten dugu tutoretza-lana:

  • Banan-banako harremana dugu ikasleekin.
  • Aintzat hartzen ditugu ikasle bakoitzaren ezaugarriak.
  • Ikasketa-esperientzia berriak proposatzen ditugu.

Aldi berean, irakasle-tutoreak jardun planifikatuagoa izan behar du, prozesuan esku-hartzen dugun irakasle guztiok koordinatzearren. Tutore bakoitzak tutoretzako saio bat egiten du astero bere ikasleekin:

  • Ikasle bakoitzaren berezitasunak zehazki ezagutzeko.
  • Antolaketak egokiro ase ditzan delako adinari eta garapen-etapari dagozkien beharrak.

Estrategiak seinalatzen ditu helburuok lortzeko:

  • Gelako giroa hobetzea.
  • Talde barruko hartu-emanak indartzea.
  • Beste irakasleekiko komunikazioa ez galtzea.
  • Taldearen arazoei konponbideak ematea.
  • Haurrak onar dezala ikaskide batzuek beste ikasketa erritmo bat izatea.
  • Hobetzeko ahalegina eta langiroa baloratzea.
  • Haurrak gustura egon daitezela taldean.

Gurasoak eta tutorea askotan elkartu eta garbi hitz egitea ezinbestekoa da ikaslearen heziketa-prozesuan, elkarlan horrek haurrari lagundu egiten baitio bere helburuetara iristen.

EBALUAZIOA ETA GURASOEI INFORMATZEA

Irakaskuntza/ikaskuntza prozesuaren baitan, ebaluazioa funtsezko aldia da. Ikastolan, egitekook ditu ebaluazioak:

    • Ikasleari ikasketa prozesuan laguntzea, eta ahalik eta zehazkien erakusea haren garapeneko edozein desbideraketa edo zailtasun.
    • Ikasketaren emaitzak egiaztatu eta baloratzea, lorpenak zehaztuz.
    • Hezkuntza-prozesua etengabe hobetzen laguntzea.

Komunikazio bide hauek erabiltzen dira familiei informazioa emateko:

    • Mailako edo gelako bilerak. Bi egiten dira ikasturtean, eta halakoetan zikloaren edo mailaren helburuak aurkezten dira, bai eta urtean zehar jorratuko diren proiektu eta jarduera osagarriak ere.
    • Elkarrizketak. Ikasturtean, gutxienez bi egiten dira ikasle bakoitzaren familiarekin; eta tutoreak edo familiak horren beharra ikusten duten aldi guztietan.
    • Idatzizko txostenak. Hiruhilabetean behin bidaltzen zaizkio familiari, eta ikasleak aldi batean izandako bilakaeraz dihardute. Hezkuntza-etapa bakoitzaren berezitasunak aintzat hartuta, hauexek dira ebaluazio txostenak aztertzen dituen alderdi orokorrak:
      • Arlo bakoitzari buruzko oharrak.
      • Ikaslearen errendimendua.
      • Jarrera eta arreta.
      • Haurraren lana.
      • Haren portaera.
      • Taldearekin dituen harremanak.

ANIZTASUNAREN TRATAERA

Ikasle bakoitzaren ezaugarriei egokitutako hezkuntza ekinaldiak planifikatzea da. Aniztasunaren trataerako neurrien artean, eskolako ordutegian ematen den hezkuntza-laguntza dago. Hauek dira horren helburu orokorrak:

  • Batetik, zailtasun bereziak dituzten ikasleei -gelako erritmoa segitu ezin dutenei- laguntzeko ahalegina egiten da.
  • Bestetik, ikasketa prozesuan “hutsuneak” dituzten ikasleekin alderdi jakin batzuk jorratzen dira, taldeko gainerakoen atzean gera ez daitezen.

Etapa bakoitzak bere hezkuntza laguntza du:

Haur Hezkuntza

Aitzineurriak dira. Ahozko hizkuntza -euskaraz ulertu eta mintzatzeko gaitasuna- sendotzea da helburua. Haur Hezkuntzako azken urtean, ondorengo ikasketek (irakurketa, idazketa eta matematika) eskatzen dituzten ezinbesteko oinarriak ere indartzen dira. Hainbat arrazoirengatik (heldutasuna, hizkuntzaren garapena, autonomia…) gelako kideen erritmo berean ikasteko zailtasunak dituzten haurrentzat da laguntza hau.

Lehen hezkuntza

Arlo instrumentaletan (Euskara, Gaztelania eta Matematika) arazo larriak edo ez hain larriak dituzten ikasleentzat da, batez ere, laguntza; horietako batzuek curriculuma asko-gutxi egokitzeko beharra dute, baina beste batzuek ez. Gelaz kanpo ematen da laguntza hau, bakarka edo talde txikian.

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza

Ikasleari laguntzeko bi bide ditugu:

  • Gelaz kanpoko laguntza: hezkuntza behar bereziak dituztelako, curriculum berezia -taldeko beste kideena ez bezalakoa- behar duten ikasleentzat. Programen egokitze hau ‘curriculumaren egokitzapena’ deitzen da, eta Euskara, Gaztelania eta Matematikako irakasgaietan egiten dugu. Ikasle bakoitzari bere maila eskatzen zaio.
  • Gela barruko edo gelaz kanpoko hezkuntza-indargarria: beren ezaugarriak direla-eta berariazko laguntza behar duten ikasleei ematen zaie, Euskara eta Matematikako irakasgaietan. Arlo horietan irakasgaiaren gutxienekoak eskatzen dira. Talde malguak dira, eta horietako ikasleak talde handiaren erritmoan sar daitezke irakasleak erabakitzen duenean. Hezkuntza-indargarriko irakasleak talde bakoitzean bi saio eginen ditu asteko, gorago aipaturiko irakasgaietan. Irakasle horren lana eta talde handiaren jarduna koordinatuko ditu irakasgaiko irakasle titularrak.

Guztiok dakigunez, honelako laguntzek ez dute zentzurik familiak bultzatzen ez badu: ezinbestekoa da familia eta irakasleak ohiko bideez baliatuz koordinatzea (elkarrizketak, taldeen bilerak).

EUSKARAZ BIZI

Azken hamarkadaotan, gure haurrak benetan euskaldunduko dituen eskola baten bila gabiltza. Egungo errealitatea ez da oso gustora egoteko modukoa: haurrek euskaraz ikasten dute, baina erdaraz bizi eta jolasten dira.

Eskola egokiro profesionalizatu eta egituratzeak haurren eta gazteen hizkuntz gaitasuna dexente hobetzea ekarri du; argi dago, dena den, ez direla hein berean garatu jokabide erreflexuak eta euskarazko bat-bateko komunikazioa estimulu euskaldunen aurrean. Gaitasun hobeak eskolan eta eskolatik kanpo euskara gehiago erabiltzea ekarriko zuela argudiatu zutenek, ondotxo ikusi dute beren itxaropen handiak ez direla gauzatu.

“Euskaraz bizi” proiektuak hausnartzera eta, bereziki, lan egitera eta estrategia batzuk jorratzera bultzatu nahi gaitu, eskolan murgiltze ereduetan diharduten ikasleen euskara biziagoa eta bizkorragoa izan dadin. Etsipen, amore emate, ezkortasun eta joera negatiboen aurkako alternatiba izan nahi du, arazo honetan.

Lan ildo eragilea sortu nahi du, gure haurrek euskaraz gero eta gehiago hitz egin dezaten, hala eskolan nola eskolaz kanpo. Gure ustean, eskolan ikasitako mezua eta ohiturak karrikara, etxera… bizitza osora hedatu beharra dago.

Hortaz, irakasleen, gurasoen eta ikasleen ahaleginak bateratu behar ditugu, ikastola osatzen dugun guztion eta gutako bakoitzaren konpromisoaren bidez, bestela ezin baita. Helburua ez da iritsiezina: lan eginez etorkizun euskaldunago eta itxaropentsuagoa lortu nahi dugu haurrentzat.

“Euskaraz Bizi” euskalduntze proiektu eraginkorra da, eta motibazioaren indarra etxeetara eraman nahi du:

  • Etxe bakoitzean motibazio uneak sorraraziz, gure seme-alabak ohar daitezen euskarak balio duela, gurasook estimazio handia diogula eta egunero saiatzen garela beraien motibazioa akuilatzen.
  • Etxean ere euskara egunero landuz: ETB maiz ikusi, Euskadi Irratian haurrendako saioak entzun, etxean jasotako esaldiak ikasi eta erabili, umeak ikastolan ikasitako abestiak entzun eta ipuinak antzeztu…
  • Gure kultura aberasteko diren jaigiroko jardueretan parte hartuz: San Migel, Olentzero, Santa Ageda bezperako kalejira, ihauteriak, “Euskaraz Bizi” besta, ikasturte amaierako Urbasako ateraldia, Lizarrako jaiak…

INGELESA, HIRUGARREN HIZKUNTZA

Sokrates/Lingua Acción D Europako lankidetza programen esparruan sortuak dira Ikastolan darabiltzagun materialak eta metodologia, eta Haur Hezkuntzan erabilitakoen jarraipen metodologikoa dira.

Gure helbururik behinena da eskolan beste hizkuntza batzuk modu eraginkorrean irakastea, XXI. mendeko Europako herritar eleaniztunak sortzeko.

Gure proposamenak ikuspegi metodologiko berritzailea du:

  1. Haurrak lau urte dituenean sartzen dugu hizkuntza, adin horretako hizkuntz gaitasun ikaragarriak eta malgutasuna ahalik eta gehien aprobetxatzeko. Hala, bada mintzaira bat ongi ikasteko behar adina ordu.
  2. Haurraren garapen psikologikoa eta hizkuntza ikasteko bide naturalaren azterketa dira gure proposamenaren oinarriak. Metodologia hau haurraren behar psiko-kognitiboetan oinarritzen da. Hizkuntz edukien sekuentziazioa, berriz, hizkuntza ikasteko bide naturalen araberakoa da, eta aintzat hartzen ditu inguruneko (gelako) beharrak.
  3. Programa hau mailaz mailakoa da eta metodologia koherentea du; Haur Hezkuntzan hasi eta DBHko 4. mailan bukatzen da, jarraikortasuna eta koherentzia segurtatuta daudelarik maila orotan.

Metodologi oinarriak

Hirugarren hizkuntza ikasteko metodo honen ardatza ez da hizkuntza bera (haren egituraren eta morfologiaren ezaugarriak), giza komunikazioa eta lehen zein bigarren hizkuntza barneratzeko bide naturalak baizik.

Mintzaira bat komunikazioaren eta elkarrizketaren bidez ikasten denez, alderdi hauek dira teoriaren gunea:

a) Komunikazioa eta efektibitatea uztartzeko behar diren baldintza sozialen azterlana.

b) Prozesu hauek gure ingurunean -eskolan- gauzatzeko beharrezko diren baldintza didaktikoen definizioa.

Printzipio hauek dira 3. hizkuntza irakasteko darabilgun metodologiaren habeak: gelan komunikazio ingurune bakarra sortzea eta ingelesez besterik ez mintzatzea; egoera interesgarriak proposatzea.

MUSIKA GAITASUNA GARATZEA

Elkarte honetako kide guztion artean lortu beharreko helburua da sentsibilitate musikala. Gure zirrara eta sentimenduak agertzeko bide aparta da musika, eta, gainera, kulturaren adierazle dugu. Ikasleek kultura musikala izatea nahi dugunez, aita eta amek irmoki lagunduko dute ohitura musikal hauek sortzen:

  • Gelan landutako abestitxoak etxean behin eta berriz abestuko dira, bereziki familiako bilera eta ospakizunetan.
  • Musika klasikoko obrak eta euskal abestiak askotan entzunen dira etxean.
  • Etxeko lan eta jolasetan ohiko laguna izanen da musika.
  • Pixkanaka-pixkanaka musika motak bereizi egin beharko dira, baita haien arteko aldeetan erreparatu ere.
  • Gurasoei esker, haurrek prestakuntza musikal txiki bat bederen izanen dute eta tresna bat hasiko dira jotzen.

Ikastolan, haurren zaletasuna eta gaitasuna indartu eginen dira:

  • Gelan abesti eder franko ikasiko dugu.
  • Zentzu erritmikoa indartuko da, txiki-txikitan.
  • Zaharrenek musika entzuteko eta jotzeko gaitasuna hobetuko dute.
  • Bertsoak sortzen eta ohiko doinuekin abesten ikasiko dute.
  • Musikaz eta abestiez gorputz-adierazpena landuko da.
  • 3 urteetatik aurrera landuko da musika.

IKASTEKO ESTRATEGIAK

Ikasleak eskolaldi osoan zehar eskuratzen dituen ohitura eta prozedura batzuk dira. Ikasteko teknikak tresna apartak dira haurrak ezagupenak asimilatzeko eta hainbat bidetatik jasotzen duen informazioa aztertu eta laburtzeko. Kontua ez da truku errazak edo formula magikoak ematea: bide luze eta mailakatu bat ibili behar du haurrak, guztion -gurasoen eta irakasleen- laguntzarekin.

Haurrak, garapen-etapa bakoitzean, ohitura batzuk bereganatuko ditu, jarduera jakinen bitartez. Lan honi esker, haurra heldutasuna lortuz joanen da ikasteko mekanismo konplexuan.

Azken buruan, kontua da haurrak ikasteko ohitura hartzea eta ikasten lagunduko dioten teknikak bereganatzea. Bestela esanda, ideiak arrazonatuz eta ulertuz ikas dezala, eta etekinik handiena lortu, ikasten emandako orduetan.

Ondoren, etapa bakoitzean lantzen diren ohiturak aipatuko ditugu. Sinpleak diruditen arren, gorago aipatutako bide luzea osatzen dute, eta oso garrantzitsua da etxean ere lagundu eta indartzea.

Haur Hezkuntza

Gorputza kontrolatzea eta haurraren ingurua funtsezko elementuak dira etapa honetan, eta, hortaz, horiekin zerikusia duten alderdiak lantzen dira.

  • Ahotsaren tonua kontrolatzea.
  • Aldi labur batzuetan (ipuinak edo musika entzutean) isilik egotea.
  • Gelan edo lantaldeetan hitza eskatzen ohitzea.
  • Hitz egiteko txandak errespetatzea.
  • Arretaz entzutea irakasleak edo ikaskide batek taldeari hitz egiten dionean.
  • Irakasleak proposatu jardueretan beharko den materiala hautatzea.
  • Tresna batzuk (guraizeak, puntzoia, errotuladorea, arkatza…) egokiro erabiltzen ikastea.
  • Materiala biltzea, jarduera edo jokoa amaitutakoan.
  • Nork bere arropa ezagutu eta zaintzea.
  • Heldu batek lagundu gabe janztea eta eranztea.
  • Lan guztiak bukatzen ohitzea.

Lehen Hezkuntza

Etapa honetan, irakurtzeko eta idazteko prozesua jorratzen da, batez ere. Derrigorrezko hezkuntza bukatzean, irakurritakoa egoki eta azkar ulertzeko gaitasuna izan behar da. Hona lantzen diren alderdi batzuk:

  • Irakurtzeko eta idazteko prozesua lortzea.
  • Irakurtzean eta idaztean egiten diren akatsen zuzenketa: erregresioak, omisioak, esaldi bereko osagaiak elkarrengandik urruntzea, antzeko letrak nahastea…
  • Irakurria azkar eta ongi ulertzeko teknikak lantzea.
  • Irakurzaletasuna bultzatzea.
  • Grafikoak, planoak eta mapak egin eta interpretatzea.
  • Hiztegiak eta bibliografi materiala erabiltzea.
  • Behaketa tresna bakunak baliatzea.
  • Bideetako seinaleak aztertu eta sailkatzea.
  • Hainbat mezu ulertu eta interpretatzea (iragarkiak, bi esanahi dituzten esaldiak, benetako egoerak…).
  • Ikasteko teknikak lantzen hastea (azpimarratzea eta laburtzea).

Bigarren Hezkuntza

Etapa honetan, ‘ikasteko teknikak’ deitzen ditugunak bereziki eta sakonki jorratzen hasten gara. Bi mailatan egiten da lan ikasleekin:

  • Lehen maila. Ikasteko hainbat ohitura lantzen dira, eta, hauek kurtso guztietakoak diruditen arren, etapa honetan berariaz jorratzen dira.
    • Irakaslea gelan sartu aurretik prestatzea irakasgaiko materiala.
    • Ikaskideen bileretan mintzatzeko txandak errespetatzea.
    • Gelako eztabaidetan nork bere ideiak adierazi eta defenditzea.
    • Banaka edo taldeka egindako lanak azaltzea gelan.
    • Behar den materiala oro ekartzea gelara.
    • Etxeko lanak egunero egitea eta gelan landu dena etxean errepasatzea.
    • Ikasleak bere lana antolatzea eta ikasten emandako denbora behar bezala aprobetxatzea.
    • Gai jakinei buruzko lanak txukun-txukun aurkeztea (garbitasuna, ordena, aurkibidea, sarrera, bibliografia…).
  • Bigarren maila. Berariazko teknikak lantzen dira:
    • Kontzentrazioa
    • Antolaketa
    • Ikasteko denbora eta lekua
    • Oroimenean gordetzea
    • Materiala antolatzea
    • Irakurtzeko teknikak
    • Azpimarratzea
    • Laburpena
    • Eskema
    • Apunteak hartzea
    • Fitxategiak egitea

GORPUTZ-HEZKUNTZA

Kirolak, norbanakoaren garapenari laguntzeaz gain, gure seme-alaben asialdiari aukera berriak emanen dizkio.

Dakigunez, kirolerako motibaziorik eza eta luzaroan kirolik egin gabe egotea oztopo da gure seme-alabak modu orekatuan gara daitezen. Horregatik, haur denek, nerabezarora iritsi baino lehen, gutxienez taldeko kirol bat egitea nahi dugu.

Hauxe da gure kirol-ekintzen ikuspegia eta antolaketa:

  1. Psikomotrizitatea eta zentzumenen garapena, txikitatik.
  2. Kirol prestakuntzaren hasiera, gorputz-hezkuntzako klase-orduetan.
  3. Errendimendu handiagoko kirolak: nahi duten ikasleek, eskolaz kanpoko ekintzen bidez, zenbait kirol sakonago landuko dituzte.

Kirol topaketetan Ikastola ordezkatzen duten taldeek baldintzok bete beharko dituzte: kiroltasuna, errespetua taldekoei eta gainerakoei, eta laguntasun giroa.

Igeriketa, LH-ko 3. mailako ikasleentzat

Lehen Hezkuntzako 3. mailako ikasleak Kiroldegiko igerilekura joaten dira irakasleekin. Urtean, gutxi gorabehera, 28 saio izaten dira, eta ikasleek uretan ibiltzeko oinarrizko gaitasuna eskuratzea da jomuga.

GURASOEN ORDEZKARIAK

Gurasoen parte-hartzea ezinbestekoa da ikasleengan jokaera solidario eta arduratsua lortzeko. Gurasoek eskola-elkartean duten parte-hartzea eta konpromisoa bizitasunaren eta dinamismoaren seinale dira.

Gurasoek parte hartzeko dauden organo ofizialez gain -hau da, Zuzendaritza Kontseilua eta Eskola Kontseilua-, ikastolan badira ordezkariak. Eginkizun bi dituzte:

  • Batetik, ikastolan, hainbat esparrutan egiten ari den lanaren berri izatea, gero, iradokizunak eginez eta ikasgelako familien iritziak agertuz, denon artean gure proiektua hobetu eta talde osoaren helburuetara hurbiltzea lor dezagun.
  • Bestetik, mantendu egin behar dute ikasgelako gurasoen partaidetza, ikastolatik bertatik ateratzen diren proposamenei dagokienez. Garrantzitsua da ikasgela bereko gurasoek elkar ezagutzea eta beren ekimenez sortutako hezkuntza arloko ideiak aurrera ateratzeko gai izatea. Horrek guztiak, haurrek ikastolan bertan eta ikastolatik kanpo duten harremana handitu eta hobetzen du.

Dena den, ordezkarien arrakasta ikasgelako gainerako gurasoen erantzunak baldintzatzen du, guraso horiek jarrera erosoetatik ihesi, ikastolako proposamenetan parte hartu behar baitute. Lankidetza hori uneotan da beharrezkoa:

  • Mailako eta ikasgelako bilerak.
  • Etxeko laguntza eskolako lanetan.
  • Gelakoen arteko egonaldiak.
  • Euskal Kulturako ekintzetan parte hartzea.
  • Kultur arloko ohiturak garatzea etxean.

ETENGABEKO HOBEKUNTZAREKIN KONPROMEZUA

E.F.Q.M.ren eredua jarraituz, Ikastolak, Osoko Kalitate egitarau batean parte hartzen du, zein taldea osatzen dugun guztion beharrak eta itxaropideak ongi eta eraginkortasunez bete daitezen antolakuntzak hartzen duen kudeaketa-estrategia bat besterik ez den.

Kalitatea, gure ustez, etengabeko hobekuntza da, aldaketa eskatzen duten atalei buruz hausnartuz egin beharrekoa, gizartean ematen ari diren aldaketei egokituz doan Hezkuntza Proiektoa izan dadin, beharrezko berrikuntzak txertatuko dituena.

Beraz, Ikastola familiei eskatzen dutena eskeiniko dien erakunde bat izan dadin, guztiok konpromizua hartu eta elkarlanean aritu behar dugu, beti ere ikasle guztiei onena eskeini behar diegula ahaztu gabe.

HELBURU DIDAKTIKOAK – BIGARREN HEZKUNTZA

Helburu didaktikoak Lehen Hezkuntzarako. Jeitsi dokumentuak:

HELBURU DIDAKTIKOAK – LEHEN HEZKUNTZA

Helburu didaktikoak Lehen Hezkuntzarako. Jeitsi dokumentuak:

HELBURU DIDAKTIKOAK – HH

Sarrera. Jeitsi dokumentua.